TEKNOLOGIA BERRIEI SARRERA

Dirudienez, Teknologia Berriak ikastetxeetan sartu egin behar dira. Ia inork ez dauka dudarik. Dena den, gutxienez zalantza sortu behar zaigulako ustean nago: Teknologia Berriak sartu behar al dira ikastetxeetan? Zergatik?

Batzuek diote ikastetxeetako lana sozializatzea dela eta gainera Teknologia Berriek hezkuntza arloan aukera interesgarriak eskaintzen dizkigutelako sartzeko aukera eman behar diegu, eskoletara iristeko denbora luzea behar izan badute ere.

Duela hogei urte ordenagailuek izugarrizko itxaropena sortu zuten hezkuntza esparruan. Ordenagailuak irakasleen ordezkoak izango zirela sinesten zen. Helburu hori lortzeko, konduktistek geletan ezartzeko programa dexente hedatu zituzten, ordenagailua eskoletako elementu garrantzitsuena izango zelako ustean. Baina, denborak sinesmen hori ustela zela frogatu du.

Ondoren, fidagaiztasunaren garaia etorri zen. Ordenagailuak bazter batean utzi ziren, ia ezertarako ez zutela balio argudiatuz. Makina garestiak ziren eta irakasleei ez omen zieten batere laguntzen. Alabaina, azaldutako atsekabea laster aldatu zen, Internet sortu zenean informazio digitalaren garrantzia benetan ulertu baitzen. Alde batetik, testuak formatu digitalean gorde ditzakegu. Zer da informazio digitala? Papera eta informazioa bereiztea. Jadanik ez dugu paperik behar informazioa alde batetik bestera mugitzeko. Lehen liburu bat bidaltzeko paketea postontzian sartu eta iritsi arte itxaron behar genuen; gaur egun, dokumentu bat edozein lekutara bidaltzeko ez dugu denbora gehiegi itxaron behar, segundo pare bat baizik. Posta elektronikoaren edo e-mailaren bidez ia edozein dokumentu bidal dezakegu hartzaileak behingoan jasoko duela jakinez.

Bestalde, txat solasguneen bidez ikasleek edozein herrialdetako ikasleei idatz diezaiekete eta beraiengandik erantzuna jaso, aldi berean. Txat solasguneen erabilera oso interesgarria iruditzen zait ingelesa, frantsesa edo beste edozein hizkuntza irakurtzen eta idazten ikasteko. Baina, irakasleentzat ere erakargarria da: urruti dauden irakasleak gela birtual batean elkar daitezke elkarren esperientzietatik ikasteko eta materialak elkarri eskuratzeko.

Interneti esker, eskolako web orrian gurasoei bidalitako oharrak, ikastetxearen Hezkuntza Proiektua, curriculuma, gaien apunteak, etxerako lanak, ezagupenak sakontzeko bibliografia, ordutegiak eta abar jar ditzakegu. Hipertestua ere oso interesgarria izan daiteke gai batzuk irakasteko. Ikertzaileen artean eztabaida gogorra dago hipertestuari buruz, eta seguraski, laster ikusiko dira hezkuntza munduan aplikatzeko ondorio interesgarriak. Dena den, gai horietaz guztietaz hurrengo artikuluetan arituko gara

Ikastetxean Internet izanez gero, NASAk duen web orrian sar gaitezke eta ilargiaren argazkiak jaso, edota ikasleei edozein gairi buruzko informazioa lor dezaten eskatu.

Hedabideek , orokorrean, eta ordenagailuak , konkretuki, informazioaren ateak irekitzen dizkigute. Nahi dugun gaiari buruzko informazioa aurki dezakegu Internet sarean. Gure arazo bakarra informazio hori aurkitzea da.

Gure ustez, gela bakoitzean sarean konektatutako ordenagailu bat eduki beharko litzateke. Horrela, gaur egungo hezkuntzaren ikuskera aldatu egin beharko genuke. Jende askok dio, ordenagailuaren eginkizuna ikasleak aktibitate mekanikoetan trebatzea dela. Hezkuntzari aplikaturik sortu diren ia programa informatiko guztiak hori egiten dutela dirudi. Ikuskera hori konduktisten antzekoa da. Konduktismoa oso interesgarria iruditzen zaigu, baina era orokorrean hezkuntzan erabiltzeko, ez hainbeste. Gure ustez, ikasleei irakats diezaiekegun alderdirik garrantzitsuena behar duten informazioa beren kabuz lortzea da. Eta horrekin batera, beste helburu garrantzitsuago bat lor dezakegu: hau da, ikaslearen autonomia sustatzea. Ondorioz argi dago hezkuntza prozesuan lagungarri diren elementu guztiak eslokan txertatu behar ditugula eta teknologia berriek aukera asko ematen dizkigunez, hauek erabiltzea ere beharrezkoa dela iruditzen zaigu. Ekarpen honen bidez teknologia berrietan zailtasun haundiagoak dituzten pertsonek, gida moduko bat izango dute beren beharrak eta dudak erantzuteko eta honela gauzak praktikan jarri ahal izateko.


Besterik gabe, hemen uzten dizuegu Nerea Zabalegik Donostiako Belen ikastetxean Eskolan Teknologia berrien erabilerari buruzko azterketaren Scribd interesgarri bat. Mundu honetan berriak diren pertsonentzat gida edo sarrera moduan erabiltzeko textua da. Espero dugu erabilgarri suertatzea.




HEZKUNTZARI APLIKATUTAKO TEKNOLOGI BERRIAK



Informazio iturria

0 comentarios:

Publicar un comentario